MAIATZAK 24, MOTIBAZIO TAILERRA (Tresnak, gakoak eta jarrerak)
FORMAZIOAREN TESTUINGURUA – HELBURU OROKORRA
Udalerri euskaldunetan badago batean eta bestean errepikatzen ari den kezka, nahiz eta gaur gaurkoz joera hori nagusi ez den: kalean eta etxean gero eta gehiago entzuten dela gaztelania. Ele bietako jardunek espazioa irabazi dute euskarazko jardunen gainean eta joera hori sumatzen ari dira, besteak beste, Mallabian, Beran, Alegian edota Aramaion ere. Bada, kezka hortaz ohartuta, UEMAk formazio eskaintza zabala sortu du herritarrak sentsibilizatu eta ahalduntzeko. Horien artean kokatzen da motibazio tailerra.
Udalerri euskaldunetan, maiz, herritarrak ez dira era kontzientean ohartzen hizkuntzaren biziraupenean izan duten, duten, eta izango duten ardura zein balio itzelaz. Euskal hiztun komunitateari esker iritsi gara, hein handi batean, gaur egungo egoeraraino. Hortaz, ezinbestekoa da komunitate horren JABEKUNTZA prozesuan eragitea. Herritar horiek jakin behar dute haien hizkuntza jarrerek izugarrizko eragina izan dutela, dutela, eta izango dutela euskararen geroan.
Saio honekin lortu nahi duguna da herritarrak beren hizkuntza jarrerez ohar daitezen eta hortik abiatuta, jarrera aldaketarako aukera eskaintzea.
On egin!
TAILERRA, 2 ORDU
Helburuak:
– Hizkuntza praktikez hausnartzea eta kontzientzia hartzea
– Justifikazio erdaltzaleak desaktibatzea
– Jarrera aktiboei zilegitasuna ematea
– Jarrera aldaketarako pausoa ematea
Hartzailea: beraien eguneroko bizimoduan hainbat arrazoi dela tarteko, erdararako joera duten pertsonak. Hizkuntza kontuengatik kontzientzia berezirik ez duten pertsonak izango dira, batez ere, xede taldeak. Interes talde ezberdinei zuzendu dakieke tailerra: guraso talde, herriko elkarteak…
Edukia eta metodologia:
Eduki teorikoak eskainiko badira ere, tailerra, batez ere, praktikoa izango da. Tailerra UEMAko teknikariek gidatuko dute.
Hona hemen landuko diren eduki teorikoak:
- Arnasguneen kontzeptua
- Udalerri euskaldunetako datuak eta herriko datu soziolinguistikoak
- Korronte nagusiek duten indarra korronte txikien aurrean
- Faktore sozioekonomikoek hizkuntzarengan duten eragina
- Hizkuntza gutxituak vs. hizkuntza indartsuak
- Ekolinguako edukiak: hizkuntzen balio unibertsala, hiztunen arteko errespetua, demokrazia, hizkuntza aniztasuna, berdintasuna lortzea ez da denak berdin tratatzea.
Ariketa praktikoek, dinamikek, izango dute pisu handiena tailer honetan. Saioa eta gero abiatuko duten bidaia (modu metaforikoak ulertuta) prestatzea eskatuko diegu parte hartzaileei. Motxila prestatu, zein gauza atera eta zein sartu erabaki, nora joan nahi duten pentsatu…
Honako dinamikak egingo ditugu, besteak beste:
- Dinamika: bi aukera emango dizkiegu.
- Bisualizazioa. Parte-hartzaileak begiak itxita jarriko ditugu eta guk testu bat errezitatuko diegu bisualizatu dezaten. Ondoren, binaka jarrita, bisualizazioan azaldutako ideiak partekatuko ditugu.
- Argazkiak jarriko ditugu erdian. Bakoitzak argazki bat hartuko du eta argazkiaren bidez burura etorritako ideiak partekatuko ditugu. Feedbacka: bikoteak azaldutakoa talde handian azalduko dute. Horrela, taldekide bakoitzak euskararekin duen lotura zein den ezagutu ahal izango dugu.
- Bidaia intimoak. Bakoitza egoera batetik, bizipen batzuetatik datorrela adieraziko diegu, baina egoera hori ez dela estankoa azalduko diegu, bizitzak eraldaketarako aukera eskaintzen digula une oro, hortaz, gure partetik bidaia intimoak egiteko gonbita luzatuko diegu. Bidaia intimoak dokumentalaren traillerra erakutsiko diegu.
- Dinamika. Euskaraz ez egiteko egon daitezkeen arrazoiei buruz hausnartzeko eskatuko diegu. Horretarako, hiruna post-it emango dizkiegu, post-it bakoitzean arrazoi bat idatziko dute. Idatzitako hori kartulina batean itsatsiko dute. Bi kartulina izango ditugu, Bi taldetan jarrita, azaldu diren arrazoiak irakurriko dituzte eta bakoitzaren aldaketarako bidea bilatzeko eskatuko diegu. Feedbcka: bakoitzak bere taldean ateratakoa azalduko du. Gure lana beraien azalpenak aberastea izango da.
- Termometroaren dinamika. Hainbat egoera planteatuko dizkiegu eta egoera horietan rol jakin bat duten pertsonak. Beraiek rol horiekiko non kokatzen diren esateko eskatuko diegu.
- Bidaia txartela oparituko diegu eta bakoitzak nora joan nahiko lukeen adieraziko du.
- Bukaeran saioaren balorazioa egingo dute bertaratutakoek.
Aireportuko Dutty Free dendatik zein opari hartuko dut eta opari hori nori emango diot?